Skip to main content

Guztira 17 talde izan dira azken asteburu honetan ihes-gelak Lazkaon egin duen geldialdira hurbildu direnak. 61 pertsona gerturatu dira, 45 emakume eta eta 16 gizon. Eta adinari dagokionez, aurreko geldialdietan bezala, gehien errepikatutako adin tartea 31-64 urte bitarteko herritarrak izan dira. 

Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatuko dituen Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu zen aurreko urtean ihes-gela. Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du formatu berri honek.

“17. logela” du izena ihes-gelak eta honela laburbiltzen da istorioa: Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatuko da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko.

Hurrengo geldialdiak:

Olaberria, Larrabetzu, Legazpi, Eibar eta Arbizu dira ihes-gelak egingo dituen hurrengo geldialdiak. Herri batzuetan honezkero txanda guztiak beteta daude, baina beste herri batzuetan oraindik posible da txandaren bat erreserbatzea. Horretarako, webgunean sartu behar zarete.