Skip to main content

Euskaraz barra-barra, euskararen erabilera sustatzeko bereizgarri berri bateratua, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sustatu dute, hitz egiteko guneak identifikatzeko eta herritarrak gune horietan, estres linguistikorik gabe, euskaraz aritu daitezen bermatzeko. Barra-barra proiektu iraunkorra izango da, hau da, urtez urte euskararen lurralde osora zabaltzen jarraituko du. Herri askotan hasi da zabaltzen bereizgarria; eta aurreikuspena da 2023. urtea amaitu baino lehen Euskaraz barra-barra 153 hiri eta herritan ikusgai izatea, tartean EAEko 3 hiriburuetan.

Euskaraz Barra-barra ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da; izan ere, marka ezartzen duten establezimenduetan, bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izan behar dute. Hau da, atxikimendutik haratago doa bereizgarri berri iraunkorra: Barra-barra ikusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, ulermena bermatuta egongo da establezimendua irekita dagoen bitartean. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko gonbidapena ere izan nahi du bereizgarri berriak.

  • Proiektu honen bidez, euskara erabiltzeko aukera eskaini nahi da ahalik eta establezimendu gehienetan, lau helburu hauetan oinarrituta:
    Euskararen erabilera sustatzea, sektore pribatuan eraginez.
  • Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea.
  • Euskaldunen hizkuntza-nahasmena eta -estresa murriztea.
  • Euskara biziberritzearen inguruko kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.

Euskaraz barra-barra bereizgarria banatzeaz eta horren jarraipena egiteaz erakunde sustatzaileak arduratuko dira (udalak, mankomunitateak eta abar..). Zentro handien
kasuan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza emango du lanketa horretan.

Azpimarratu beharra dago, Euskaraz barra-barra bereizgarria erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen onartu berri den dekretuan jasota dagoela. Arau berri honek “Bikain” kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatzen du eta Bikain ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk integratu ditu euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko.

Komunikazio kanpaina

Irailaren 4an hazi zen kanpaina komunikabideetan bereizgarriaren ezaugarriak eta helburuak azaltzeko, eta bezeroak euskaraz hitz egitera animatzeko Barra-barra ikusten duten establezimenduetan. Kanpaina irratietan, hedabide digitaletan, sare sozialetan eta kanpoko euskarrietan ere zabalduko da.

Gainera ihes gela ibiltari bat ere jarriko da martxan urriaren hasieran. Euskaraz Barra-barra bereizgarria ezagutarazteko eta herritarren aktibazioa lortzeko helburua du ekimen honek eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herrik egin dute eskaria beraien kaleetan ihes gela hau izateko. Ihes-gela ibiltaria zuzeneko ihes-joko ezagunen bertsio eramangarri eta egokitua da, desafiozko esperientzia eskaintzen duena. Honako herri hauetan bisitatu ahal izango da ihes gela 2023an:

  • Urriak 6-7-8 Donostia
  • Urriak 13-14-15 Elizondo
  • Urriak 20-21-22 Laudio
  • Urriak 27-28-29 Bermeo
  • Azaroak 3-4-5 Elgoibar
  • Azaroak 10-11-12 Enkarterriak (Balmaseda)
  • Azaroak 17-18-19 Oarsoaldea (Errenteria)
  • Azaroak 24-25-26 Gasteiz
  • Abenduak 1-2-3 Andoain
  • Abenduak 8-9-10 Zumarraga-Urretxu
  • Abenduak 15-16-17 Portugalete
  • Abenduak 22-23 Zornotza
  • Abenduak 29-30 Mungia